Ikusi besterik ez dago partida amaitutakoan haurra zelaian bertan, aita ondoan duela, nola elkarrizketatzen duten. Haurrak gainera, futbolari helduen hitzegiteko modua darabil kazetariaren galderak erantzuterakoan. Haurrak haur izaten jarraitu behar du, jolastu egin behar du, akatsak egin eta ikasi, dena baitu ikasteko oraindik.
Entrenatzaile-aitaren papera ere aipatzekoa da. Julio Cesar Valdivieso da entrenatzaile-aita, futbolari profesionala izandakoa. Hainbat galdera bururatzen zaizkio edonori horrelakoak ikustean: Zergatik sartu zuen semea deialdian? Zergatik jarri zuen jokatzen? Benetan prestaturik ikusten al zuen semea gizonekin jokatzen jartzeko? Kontuan izan al zuen etorkizunean horrelako erabaki batek haurrarengan izan dezakeen eragina? Galdera horiek berak bakarrik erantzun ditzake. Zer pentsatu eta hausnartu badagoela iruditzen zait horrelako erabakiak hartzen direla ikusten dugunean...