sábado, 9 de febrero de 2019

Zidane berria?

Izenburu hori jarri dio Marca egunkariak 6 urteko Madin Mohammed haurra baloiarekin duen trebezia erakusten duten zenbat bideoren inguruko albistearen lerroburuari. Dagoeneko bataiatu dute, etiketa jarri diote eta haurrari bidea markatu diote: Zidanen oinordekotza, alajaina!! Haurrak baloia hanketan duela trebezia apartekoa erakusten du, oso iaioa dela argi gelditzen da bideoak ikusita, baina hortik, Zidanen pare jartzera, tarte handiegia dago. Haurrak bere hartzaroa eta gaztaroa dagokion garapen eta erritmoan bizi behar dituelako eta alderaketak, ez dio mesederik egingo. Honakoxe hau, kirol batean haur batek goiz goizetik trebezia bereziak erakusten duenean gertatzen dena da, haurrarengan gehiegizko presioa ezartzen da txikia denetik. Aurrez esandakoa gutxi balitz, teknologia berriek, haurraren sona ez dute auzora edo herrira mugatzen, garai batean bezala, baizik eta mundu guztira hedatzen dute.



viernes, 24 de julio de 2009

HAURRA GIZONEN FUTBOLEAN

12 urteko haurra jokatzen jarri du entrenatzaile-aitak Bolibiako 1.mailako futbol txapelketan. Kirolean haurrarengan eragin gehien izaten duten pertsonak, entrenatzailea eta aita, pertsona bakarrean aurkitzen ditugu. Hori gutxi balitz, ez gara haur mailako futbolaz ari, goi mailako kirolaz ari gara eta ez da hori haurraren garapen osoa bultzatzeko biderik egokiena.

Ikusi besterik ez dago partida amaitutakoan haurra zelaian bertan, aita ondoan duela, nola elkarrizketatzen duten. Haurrak gainera, futbolari helduen hitzegiteko modua darabil kazetariaren galderak erantzuterakoan. Haurrak haur izaten jarraitu behar du, jolastu egin behar du, akatsak egin eta ikasi, dena baitu ikasteko oraindik.




Entrenatzaile-aitaren papera ere aipatzekoa da. Julio Cesar Valdivieso da entrenatzaile-aita, futbolari profesionala izandakoa. Hainbat galdera bururatzen zaizkio edonori horrelakoak ikustean: Zergatik sartu zuen semea deialdian? Zergatik jarri zuen jokatzen? Benetan prestaturik ikusten al zuen semea gizonekin jokatzen jartzeko? Kontuan izan al zuen etorkizunean horrelako erabaki batek haurrarengan izan dezakeen eragina? Galdera horiek berak bakarrik erantzun ditzake. Zer pentsatu eta hausnartu badagoela iruditzen zait horrelako erabakiak hartzen direla ikusten dugunean...

miércoles, 6 de mayo de 2009

Haur eta gazteen kirolaren helburuak

Hauexek dira, Gozatu Kirola egitasmoaren arabera, Haur eta Gazteen Kirolak lortu beharko lituzkeen Helburuak:

1.- Haur eta gazteek ongi pasa eta goza dezatela.
2.- Haur eta gazteek bizi eredu osasungarria lor dezatela.
3.- Haur eta gazteek balio positiboak gara ditzatela.
4.- Haur eta gazteek kirolaren gaitasun eta abileziak ikas ditzatela.
5.- Haur eta gazteek harremanetan jarri, elkarbizitza hobetu eta giza integrazioa bultzatu.
6.-Haur eta gazteek kirol arauak ezagutu eta errespetatu behar dituzte.
7.- Haur eta gazteek heuren bizitzan zehar kirolari ohikoak bihurtzea.

miércoles, 29 de abril de 2009

Tailandiako haur borrokalariak

Jarraian, Tailandian kirol nagusienetakoa den Mua Thai borrokan ari diren zenbait haurren bideoak ikus ditzakezue. Jon Sistiaga kazetari irundarrak Cuatro-n egindako erreportaje bateko irudiak dira. Pobreziak eta familia beharrak eraginda, zenbait gurasok heuren seme-alabak apostuz betetako giroan borrokarazten dituzte. Ikustekoa da gurasoen grina eta berotasuna seme-alaba mutur-joka ari denean. Badugu, geuk ere, hemen, geure mundu “zibilizatuan”, muga horietara iritsi gabe ere, ikastekorik.




lunes, 23 de febrero de 2009

Badugu Logoa!!!

Egitasmoa abian jarri genuenean logo edo irudirik ez genuen. Dagoeneko baudugu, ordea. LogoMaker doako programa errazari esker, logoa diseinatu dugu. Ia zer iruditzen zaizuen, zuen iritziak eskertuko ditugu. Logoaren itxura, kolorea, diseinu edo beste edozeren inguruko iruzkinak jasotzeko zain gaude. Hona hemen logoa:

sábado, 21 de febrero de 2009

Haur kirolariaren eskubideen deklarazioa

HAUR KIROLARIEN ESKUBIDEEN DEKLARAZIOA

1.-Kirol-jardueretan parte hartzeko eskubidea.
2.-Haur bakoitzaren trebetasunari egokitutako mailan parte hartzeko eskubidea.
3.-Trebatutako heldu baten laguntza izateko eskubidea.
4.-Haur gisa jolasteko eskubidea ( Helduen moduan jokatzera behartu gabe).
5.-Kirol-jardueretan, bere buruaz erabakiak hartzerakoan parte hartzeko eslubidea.
6.-Ingurune seguru eta osasuntsuan parte hartzeko eskubidea.
7.-Lehiatu ahal izateko, prestakuntza egokia jasotzeko eskubidea.
8.-Arrakasta lortzearren berdintasunezko aukerak izateko eskubidea.
9.-Duintasunez tratatua izateko eskubidea.
10.-Kirol-jardueretan gozatzeko eskubidea.

Iturria:Kirola egiteko 25 arrazoi Egilea:Luis Mari Zulaika

viernes, 20 de febrero de 2009

EGITASMOA

Gozatu Kirola 2009ko Otsailan sortutako egitasmoa da. Laburbilduz, hauexek lirateke egitasmoaren asmo, helburu eta xedeak:

ZER DA?
Kirola egiten duten haur eta gazteei eta beraien kirol eremuan diharduten pertsona guztientzat informazio, orientazio, kontsulta, aholkularitza, eztabaida eta hausnarketarako gunea da, haur eta gazteen kirolaren inguruko iritzi eta ikuspuntu desberdinen bilgune.

ZERGATIK “GOZATU KIROLA”?
Haur eta gazteentzat, kirol jarduna plazer eta gozamen iturri da eta baita bizitzarako oso baliagarriak izango diren jarrera eta balio positiboak sustatzeko bitarteko egokia ere. Hala nola, norbere buruarenganako konfiantza, arauekiko eta besteekiko errespetua, ahalegina aintzat hartzea, zailtasunei aurre egiten ikastea…etab. Horretarako, kirola tresna hezitzaile gisa ulertzea ezinbestekoa da eta kirolaren filosofia hori haur eta gazteek barnera dezaten garrantzitsua izango da kirol hezitzaile eta entrenatzaileek nahiz gurasoek jokatu behar duten papera ezagutu eta gauzatzea.

Sarritan, haur eta gazteen kirol jardunak kirol profesionalaren filosofia, helburu eta jarrerak hartzen ditu eredutzat, kirola gozamen iturri bihurtu beharrean, presio eta estuasun iturri, gatazka eremu eta jarrera desegokien topaleku bihurtuz. Arrazoien artean, emaitzari gehiegizko garrantzia ematea, haur eta gazteengan presio handiegia egitea, norbanako hobekuntzaren erritmoak arlo fisiko, tekniko, taktiko eta psikologikoan ez errespetatzea aurki ditzakegu. Azken buruan, jolastearen plazerra desagertu egiten da, helburu desegokiak sustatuz eta kirolaz gozatu beharrean, sufrimendu iturri bihurtzen da.

NORENTZAT?
Haur eta gazteek kirolarekin gozatzeko aukera aldarrikatu nahi dugu eta horretarako baliabideak, tresnak eta ideiak partekatzeko aukera eskaini nahi diegu kirolari, kirol hezitzaile / entrenatzaile eta gurasoei.